Aurten Gasna eta Artisau feriak 30. edizioa betetzen zuen eta aitzinetik geneuzkan aurreikuspen guztiak bete dira eta hagitz kontent gaude; Eguraldi ederra, jende ugari ekitaldietan eta giro atsegin eta alaia.

Ospakizunak, larunbata arratsaldean hasi ziren IV. Ardi Zakur Lehiaketarekin, Erdiko errota pareko belatian. 4 izan ziren aurkeztutako bikoteak, artzaina eta zakurra alegia eta hauek izan ziren emaitzak:

- Roger Jauretche POP zakurrarekin 40p. (5:57”)
- Marzel Hualde PUKI zakurrarekin 40p. (7:28”)
- Jabier Zubiaurre MENDI zakurrarekin 40p. (11:17”)
- Josemari Bengoa ZEU 10p. (14:00)
Honen ondotik artile tailerra izanen zen frontoi bazterrean eta bertara hurbildu zirenak artiletik haria nola sortzen den ikusi eta probatzeko aukera izan zuten. Eta egunari bukaera emateko Juan mari Beltran laukoten moduan kontzertu polita eta alaia eskaini zuen herriko frontoian.

Igandean berriz, goizeko 10etatik aitzinera ekitaldi desberdinak jarri ziren martxan. Batetik herriko plaza eta frontoian artisau eta ekoizle desberdinen salmenta postuak jarri ziren, gasna lehiaketako gasnen harrera egin zen, erakusketak ateak ireki zituzten (Andra Mari elkarteko eskulanak eskola zaharretan, baserriko tresneria Iriondoan eta Kultur Etxean Gasna feriaren ibilbidearen argazki proiekzioa. Azken hau larunbatean ere ireki zen). Eguerdi partean Azkua Bizirik taldekoek euren ekimenaren berri eman zuten eta ondotik Herriko trikitilari eta musikari gazteek kalejira egin zuten. Hau bukatutakoan, gasna lehiaketako sariak banatu ziren.

Irabazlea Julen Arburua izan zen, bigarren Agoitz Altzugarai (Lesaka) eta hirugarren Jorge Arizaleta (Etxalar). Etxalarkoen artean irabazlea Joseba Danboriena eta biharren Bittor Iribarren. Epai mahaia Patxiku Iribarren, Leire Mitxelena, Bautista Telletxea, Angel Urtxegi, Ana Lazkanotegi eta Manolo Arozena osatu zuten.

Guzti honen ondotik ohitura den bezala herriko frontoian herri bazkari bat antolatu zen eta bertan Bankako menditarrak egon ziren bazkaria eta bazkalondoa girotzen.

Bertze behin Altxata K. K. E.-ak eskerrak eman nahi dizkie XXX. Gasna eta Artsiau feria aitzinera egiten lagundu diguzuen guztiei
XXXI. edizioan ikusiko garelakoan, segi bixkor!